52 kartzeletan euskal presoek elkartasun suziriak ikusi dituzte.
Larunbatean, abuztuaren 29an, gaueko hamaiketan eta era sinkronizatuan, suziriak jaurti dituzte euskal presoak dauden kartzela guzti-guztien atarian. Orotara, frantziar eta espainiar Estatuetako 52 kartzelatan daude sakabanatuta euskal presoak eta guztiei elkartasuna helarazteko 58.694 km egin behar izan dituzte ekintzaileek, senide eta lagunek asteburuero egin beharreko berberak.
Salbuespen politikek eta sakabanaketak presoen eskubideak urratzen dituztela salatu nahi izan dute ekimen honen bidez. Gainera, COVID19-aren aitzakiapean hartutako neurriek presoen bizi-baldintzak are gehiago gogortu dituztela gogorarazi dute.
Ekintzaileetariko baten hitzetan: «Euskal preso politikoekiko elkartasunak ez du inoiz etenik izan eta ez du izango. Gure herrikideei elkartasuna eta maitasuna eraman nahi izan dizkiegu, Euskal Herrian eta aske nahi ditugulako».